11 egun 11 ekintza

11 egunez, hitz egin, ezagutu, elkarbanatu, lotsa galdu, eztabaidatu, barre egin, hanka sartu, abestu, trabatu, dantzatu… etab. egiteko aitzakia ezberdinak antolatu ditugu ermuko euskaltzaleen sareko kideok. Horrela, 11 egunez ahoak bizi eta belarriak prest izatea errazago egingo zaigu!

PROGRAMA

Advertisements

BELARRIPREST

euskaraldia5Euskaraz dakiten guztiei zuri euskaraz egiteko gonbitea egingo diezu. Euskara ulertzen duzula adieraziko diezu eta zurekin euskaraz hitz egin dezatela eskatu.

Zuk euskaraz edo erdaraz erantzungo duzu, baina zuri euskaraz egiteko eskatuko duzu.

Horrela, orain arte euskaraz izan dituzun elkarrizketek euskarazkoak izaten jarraituko dute, baina orain arte erdaraz izandako elkarrizketa batzuk euskaraz edo elebiz izatea ere lortuko duzu.

Jarrera aktiboa izango duzu, beraz, gonbitea egingo baitiezu euskal hiztunek zurekin euskaraz hitz egin dezaten. Oso garrantzitsua da zure funtzioa, euskarazko elkarrizketak sortzen lagundu eta euskara erabiltzeko giro babestua sortuko duzulako.

Ariketa egiten duzun bitartean giro babestua izango duzu, ahobizi eta belarriprest ugari izango baitituzu 11 egunez Euskal Herrian.

Belarriprest izateak ez du euskaraz hitz egiteko gaitasunarekin zerikusirik, jokaerarekin baizik! Dakienari zuri euskaraz hitz egiteko gonbitea egin nahi diozu? Belarriprest zara!

Belarriprest izan daiteke…

16 urte baino gehiago izan eta…

  • euskaraz ongi egiten duena baina erdaraz hitz egiten duen zenbaitekin (nahiz eta ulertu) ez du hamaika egunez euskaraz soilik hitz egiteko ariketa egin nahi; edo ez da prest sentitzen, adibidez, orain arte erdaraz izan dituen harremanak euskaraz izateko pausoa emateko.
  • euskaraz gutxi gora behera hitz egin dezakeena baina ez dena ausartzen.
  • euskaraz ulertzen duena baina ez dena hitz egiteko gai sentitzen.

 

AHOBIZI

euskaraldia4Euskaraz egingo diezu ulertzen duten guztiei. Edonon, edonoiz eta ulertzen duen edonorekin arituko zara euskaraz.

Ezagutzen ez dituzunekin lehen hitza euskaraz egingo duzu, eta ulertzen baldin badute, hortik aurrerakoak ere.

Horrela, orain arte euskaraz izan dituzun elkarrizketek euskarazkoak izaten jarraituko dute, baina orain arte erdaraz izandako elkarrizketa batzuk euskaraz edo elebiz izatea ere lortuko duzu.

Jarrera aktiboa izango duzu, beraz. Zure harreman sarean dituzun hizkuntza praktikak aztertu eta euskarara aldatzeko aukera duzun horietan eragingo duzu. Hamaika egunetan, hizkuntza aldaketarako aukeratu dituzun harreman horietan ezezik, zure bizitzako esparru guztietan euskaraz arituko zara, ahal den guztietan, ahal duzun guztiekin.

Bi aldeek euskaraz ulertzen badute, ez dago euskaraz ez egiteko arrazoirik.

Ariketa egiten duzun bitartean giro babestua izango duzu, ahobizi eta belarriprest ugari izango baitituzu 11 egunez Euskal Herrian.

Ahobizi izateak ez du euskaraz hitz egiteko gaitasunarekin zerikusirik, jokaerarekin baizik! Ahal duzun guztietan euskara erabiltzeko prest? Ahobizi zara!

Ahobizi izan daiteke…

16 urte baino gehiago izan eta…

  • euskaraz ongi moldatzen dena eta hamaika egunetan euskaraz egingo duena ulertzen duten guztiekin. Izan daiteke orain arte horretan saiatu den kidea, edo hizkuntza jokaera orain aldatzea erabaki duena.
  • euskaraz erdizka moldatzen dena baina prest sentitzen, adibidez, orain arte erdaraz izan dituen harremanak euskaraz izateko pausoa emateko.
  • euskaraz gutxi gora behera hitz egin dezakeena baina ez dena ausartzen.
  • euskaraz ulertzen duena baina ez dena hitz egiteko
    gai sentitzen.

Berbetan jardunaldiak

Egun on!

Datorren astean Berbetan jardunaldietako azken saioa izango dugu eta Pello Jauregi edukiko dugu gurekin. “Ermuan, euskaraz bizitzeko prest?” galderari tiraka jardungo da, eta guk, noski, erantzun bat emango diogu. Ordubeteko iraupena izango du eta ondoren, galdera-erantzunetarako tartea egongo da. Ziur gaude oso interesgarria izango dela eta gainera, Euskaraldira begira oso baliagarria ere bai. Beraz, gogoratu, datorren asteko asteartean, urriak 2, 19.00etan Lobianon elkartuko gara Pellok proposatutako galderari baiezkoa eman nahian. Animatu eta zabaldu!

urriak 2

Eman izena!

qr

Astelehen on! Irailaren 20an Euskaraldirako izen-ematea egiteko epea zabaldu zen. Ermuan Bagararako gurea egin genuen, baina orain Euskal Herri mailan 11 egunez euskaraz jarduteko izen-emate berria egingo dugu. Baina… nola jakin ahobizi edo belarriprest aukeratu? Oso erraz! Ezkerraldean dagoen argazki honek bideratuko zaitu erantzunera, probatu, ea zer erabakitzen duzun!

Non egin dezakezu izen-ematea? http://izenematea.euskaraldia.eus/

Noiz arte? Ez dauka mugarik

Nork har dezake parte? 16 urtetik gorakoek

Ermuan Bagara egunetarako 294 ahobizi eta belarriprest batu ginen, baietz gehiago batu Euskaraldirako? Animatu eta parte hartu!